Zinema, bideojokoak… eta beldurra! Zerk ematen du beldur gehiago, beldurrezko zinemak edo beldurrezko bideojokoak? Zein modutan erlazionatu dira bi disziplina hauek denboraren poderioz? Nola elkar aberasten dira? Zein mekanismo eta baliabide erabiltzen ditu bakoitzak beldurra eragiteko? Jardunaldi hauetan galdera hauek eta beste asko erantzun nahi ditugu, denboran zehar eta infernuetan barrena bidaiatuz:

• Urriak 10, 11 eta 12. Hell-Hackaton. Bazen garaia Beldurrezko Asteak bere bideojokoa, edo bideojokoak, izateko. Hori dela eta, hiru egunetan zehar, atseden hartu gabe eta @pintxodeveloper elkartearen gidaritzapean, bideojokoetako profesional, ikasle eta kuriosoek Astearen 25 urtetako historian inspiratutako bideojokoak sortuko dituzte. Bideojoko eta zinema jarraitzaileok… Zuen laguntza behar dugu misio garrantzitsu eta paregabe hau gainditzeko!

• Urriak 22. OnceUponAtimeInHell. Lehen solasaldia. Bideojoko eta beldurrezko zinemaren arteko iraganeko harremanak errepasatuko ditugu. Esate baterako, Atari 2600ko Halloween eta Texasko Motozerra-Sarraskiaren bertsio kutunak, edo NES kontsolako Amesgaiztoa Elm Streeten filmaren moldaketa.

• Urriak 23. HellAwaitsToday. Bigarren solasaldia. Beldurrezko bideojokoen eta filmeen arteko gaur eguneko harremanak errepasatuko ditugu. Esate baterako, hemen izango ditugu Resident Evil, Silent Hill edo Doom… Eta beharbada, litekeena da, Uwe Boll-i buruz hitz egitea… Barkamenak aurretiaz.

• Urriak 24. StraightToHell. Narrazio-esperimentazio tailerra. Etorkizun hurbilean bideojoko eta zinemaren artean gerta daitezkeen harremanen inguruan hausnartuko dugu. Eta era praktikoan egingo dugu gainera, beldur-inmersibo eta Transmediatikoan oinarritutako esperientzia prototipatuz.

Eta hau guztia non egingo dugu? 2016 gunean (Easo kalea, 43).